2007/03/14

-" Zoriontsu izan nintzen "-



Berotasuna nabaritu dut aurpegian, begiak zabaldu ditut. Neguko egun eguzkitsu bat da, New Yorkeko kale elurtuak ikus ditzaket ohetik altxa gabe, ikuspegi ederra dut, ezin naiz kexatu. Eguzki izpien berotasunagatik eguerdia dela apustu egingo nuke, ez dira, ordea, egun onak ematera agertu, arraroa da. Pena da egun zoragarri hau aprobetxatu ezin izatea, izan ere ospitalean nago.
Ohetik altxa naiz nekez, eta ispilurantz pausu pare bat eman ditut balantzaka. Bi egunetik behin aldatzen didaten kamisoia kendu dut eta nire irudi biluztuari erreparatu diot. Orain bai, argala nago, hezurretan, nahi nuen bezala, orain ez dit ezertarako balio , lehen askoz ere hobeto nengoen. Hala ere beranduegi da, ez dago atzera bueltarik, nire azkena iristen ari dela nabaritzen dut.
Ohean etzan naiz berriro ere, eta txirrina jo dut erizaina etor dadin. Bost minutuz itxaron behar izan dut, emakume gizen bezain atsegina etorri den arte. Lehenago egun onak ematera sartu dela esan dit, baina lo nengoenez, atsedena hartzen utzi nau, nonbait. Gutxienez, gosariaz libratu naiz. Ia ahaztua neukan emakume hura deitu dudanaren zergatia, eta atea zeharkatzen ari den bitartean, ordenagailu eramangarria edo idazteko makina bat ekartzeko eskatu diot, anaiarentzat ipuin bat idazteko. Baina egiatan, hain itsu bizi izan naizen azkeneko bi urte hauek kontatu nahi dizkizuet, nire bizitza eten dutenak, alegia.

Ni, Samanta, Campos izeneko herri batean jaio nintzen duela hemezortzi urte. Brasileko kostaldean oso zoriontsuak ginen eta igandero Rio De Janeirora joaten ginen aitak hazitako barazkiak bertako merkatuan saltzera. Lagun asko genituen nire anaiak eta biok, gainera, urte hartako herriko festetatik mutil laguna neukan, Ronald izenekoa. Nire lagunek diote ez duela gorputz batere ederra, baina nik benetan atsegin dut ikusten nauen bakoitzean botatzen didan irribarre perfektua, eta are gehiago bere izaera, oso ondo tratatzen nau, inork ez nau inoiz bera bezala zaindu.
Txikia naizenetik esan didate ederra naizela, baina nik uste nuen ez zutela egiatan esaten, ezagun guztiei esaten zitzaien bezala esaten zidatela pentsatzen nuen, ondo gelditzeagatik.
Ez nion garrantzi gehiegirik eman “ nire edertasunari” iparraldeko gizon hura topatu nuen arte, John izena zuena. Anaiarekin nengoen plazan, erosketak egin berri genituen amaren urtebetetzerako, izan ere hurrengo egunean amak 40 urte beteko zituen. Gizon hura urrutitik begira nuela nabaritu nuen eta anaiaren besoa heldu nuen. Hurbiltzen hasi zitzaigun, baina bere irribarre gozoak urduritasuna ezabatu zuen gure aurpegietatik. Bere burua aurkeztu zuen, modelo munduan lan egiten zuela jakinarazi zigun, eta Brasileko lehiaketa bat ikustera etorria zela. Hitz egiten ari zen bitartean, gerriraino dudan ile beltzari eta anaiaren berdin berdinak diren begi berdeei begiratzen ari zitzaidala ohartu ginen biok. Bere buruaz hitz egiteari utzi eta niri buruzko galderak egiteari ekin zion. Lehenengoek erantzuna jaso zuten, baina gero konturatu nintzen gehiegi jakin nahi zuela eta elkarrizketa eten nuen. Gizon hura, gu utzi baino lehenago esan zizkidan hitzak eragin handia izan zuten niregan;”modelo izateko aukera asko dituzu, azken aldian ez baitut zu bezain neska ederrik ikusi ” eta hau esanda bere zenbakia zuen txartela eman zidan.
Orduan benetan ederra al nintzen? Auzokoek egiatan al zioten?
Gau osoa buruari bueltaka igaro nuen, ez nuen gaiari buruz hitz bakar bat erez egin anaiarekin. Amaren festa izugarria izan zen asko gustatu zitzaion, ezin izan zion negarrari eutsi. Hilabete pare batzuen buruan gizon haren bisita erabat ahaztua nuen, zoriontsu nintzen bizimodu harekin, zertarako aldatu?
Zoritxarrez, egun hura iritsi behar izan zuen, nire haurtzaroa atzean utzi nuen eguna, hain zuzen. Ikastolatik aterata, etxerantz abiatu nintzen, izan ere aita gaixo zegoen, gau osoa eztulka igaro zuen. Tenperatura asko jaitsi zen azkenaldian eta herriko jende asko ohean zegoen sukarrarekin. Bere gelara sartu nintzen hanka puntetan, lo baitzegoen. Muxu bat eman eta etxeko lanak egiteari ekin nion. Bat batean, aitaren oihuak entzun nituen, korrika batean iritsi nintzen bere ondora. Jadanik, ez zegoen oihuka, baina aurpegi zurbila zuen. Bere ondoan eseri nintzen eta begietara begira, bere ahotik inoiz entzun ez nituen hitzak esan zizkidan, bere azken hitzak ” maite zaitut ”.
Hilabete hura benetan gogorra izan zen. Negarrez hasten ginen edozein momentutan eta gainera, ezin genituen ordaindu gastu guztiak aita hiltzean eman ziguten diruarekin. Ama barazkiak landatzen jarraitu zuen, baina zaila zen familia eta baratza, biak batera aurrera eramatea. Gure familia ez zen inoiz hain larri egon, bizilagunak uzten zigun dirua, ezin genion egoera hari eutsi. Orduan gizon hartaz oroitu nintzen, modeloen munduan sartuko banintz diru asko irabaziko nuke, arrakasta izanez gero, eta familia aurrera atera nezake.
Kaxa baten azpialdean nuen txarteltxoa eskuratu nuen “ John Bryan “. Azpialdean zegoen telefono zenbakia markatu nuen, eta luze egon ginen hitz egiten. Azkenik, hurrengo astean nire bila etorriko zela esan zidan, orain zailena falta zitzaidan, amari esatea, izan ere denbora luzez egongo nintzen etxetik kanpo.
Anaiari esan nion eta estu besarkatu zidan, besarkada horrek, ez zuela nik lan egin nezan, baina beharra genuela esan nahi zuen. Nik muxu batez lasaitzeko erantzun nion. Gau osoa igaro nuen amari esango nizkion hitzak bilatzen. Azkenik, biharamuna iritsi zen, baita amari kontatu nion unea ere. Tristeziak eraginda negarrari ekin zion, baina erabakia hartuta nuen.
Aste baten buruan Johnen ondoan nengoen, New Yorkeko kale jendetsuak zeharkatzen. Pertsona garrantzitsu ugari ezagutu nituen, bai neskak baita mutilak ere. Hala ere, ahal nuen bakoitzean deitzen nituen ama eta mutil laguna, asko animatzen ninduten. Entsegu asko egin genituen atera behar nuen desfilerako, arropa ezberdin eta zoragarriekin soinean genituela.
Azkenean iritsi zen egun hura, oso urduri nengoen, egingo nuenaren arabera erabakiko baitzen nire etorkizuna. Gaua primeran igaro zen, Johnek esan zidanez jendea aho zabalik geratu zen, eta beste neskek oso ondo egon nintzela esan zidaten, batek izan ezik, kilo pare batzuk galtzea gaizki etorriko ez zitzaizkidala esan zidan. Jatetxerako bidean neska hark esandakoan pentsatzen aritu nintzen, arrazoi zuen, neska guztiak ni baino argalagoak ziren, taila bat gutxiago izan behar nuen. Jatetxera iritsi bezain laster gaizki sentitzen nintzela esan nion Johni eta hotelera eraman ninduen. Ezer jan gabe oheratu nintzen. Hurrengo egunetan ez nintzen Johnekin gelditzen jatorduetan, horrela ez zuen jakingo tomateak eta sagarrak soilik jaten nituela. Aste batean zazpi kilo jaitsi nituen, beste neskak bezalakoa nintzen 1.75 ko altuerarekin eta 58 kilorekin. Ronald etorri zen bisita bat egitera eta asko argaldu nuela esan zidan, nire sekretua kontatu nion. Aho zabalik geratu zen eta berehala mundu hartatik atera nendin eskatu zidan , berak utziko zidala behar nuen dirua. Nik ezetz esan nion, eta orduan esan zidan,lehenago ere oso eder nengoela eta ez zuela uste horrelako gauzatan sartzeko bezain txoriburua nintzenik. Nik haserre erantzun nion, bera nahiko gizena zenez, ez zuela diferentziatzen argala eta ez hain argala izatea, bakean utz nintzan oihukatu nion. Gau hartan amaitu zen gure artekoa.
Ni desfilatzen eta dirua irabazten jarraitu nuen, sagarrak eta tomateak janez. Familia ere ikusten nuen hilero, ondo zeuden, ez zuten arazorik diruarekin, nik bidaltzen nielako behar haina.
Dena ondo zihoan lehengo hilabetera arte, zorabiatu nintzen egunera arte, ospitale honetara ekarri ninduten eguna, hain zuzen. Ez zen hura gertatzen zitzaidan lehenengo aldia, baina azkena izan zen.
Alde on bat badu ospitalean egoteak, familia ondoan dudala.Orain jatea behartzen naute, baina ez dute lortzen, beraz sueroaren bitartez elikatzen naute. Beraiek ez dakite, ordea, gauero esnatzen naizela sueroa kentzeko, ni azkarragoa naiz.
Indarrak falta zaizkit, idazteko makina lurrera erori zait. Bihar nire urtebetetzea dela gogoratu naiz, baina uste dut ez naizela hemezortzi urtera iritsiko. Begiak ixten ari zaizkit, ez dut argi ikusten, amaren ahotsa entzuten dut urrutian gabon esanez…begiak itxi ditut. Agur ama, barkatu hainbeste sufriarazteagatik, asko maite zaituztet.

IRUNE SANCHEZ

DBH 4

2007/03/13

-"Nire buruko amodiozko hegaztiak baitira"-



1.- Beste mila hitz

Fareo dinau karek te
lamei kzirakte banurei lazori
diunas utgar teriu rateriok
zerenbo lareiukja weihum ratske
minaui lanzured jartchekr ratemba
kiraty porjats yeu laritko meis
uoierktim jaktero gurtzikja flamjeri
humratzket jopktrar zoikjayurtub
eta beste mila hitz asmatuko nituzke zuk niri kasu egiteko

2.- Itxoiten

Bitarte guzti horretan non arraio
egon zinen galdetzen nion neure buruari.
Busaren geltokian nengoenean,
ur botilak eta ezpainak muxu ematean,
isilik, gelako argiari irmo begiratzean, bakarrik...
Eta betiko ordu urdin errepikatuak
laztantzen zidaten bekokia kulunpioaren balantzarekin.
Iturriko tantek gero eta gutxiago falta dela
esaten zidaten komunean eserita nengoenean,
zure zain, zain ozeano izan nahian zure beso artean

3.- Itxoin, itxoin, itxoin...

Itxoin, itxoin, itxoin...
Ez alde egin oraindik, bi hitz, mesedez.
Zenbat denbora igaro da drogarik hartu gabe
hitz egin zenidan momentu hartaz geroztik?
Oroitzen naiz zikinkeriazko ozeanoaren
Santa Maria eta La Pinta ginela lur berrien bila
eta La Niñarekin bat egitean segitu genuela gure
bidea paradisu alkoholiko baten bila.
Kontra erritmoak eta hotzikarak nagusitu ziren
mingainak batu zirenean azukre zaporearekin
aho barruan izerdi eta behatzak mugimenduz itoaz.
Noiz izan zen hori? Geroztik ez didazu aurpegira so egin
eta hatsa geratzen zait zure oroitzapen bezala,
ez dakit, uste al duzu eternoa izango dela
egoera metamorfiko hau? Ez dut oroitzen azken aldi hura
Hausnartu eta itzultzean jarraituko dugu...


4.- Telefono deia

Hiru tonu eta isiltasuna
bakardade desira dut
bihotzeko hormetatik atera
nahi ez dudan bitartean.
Urrutizkina hartu, sakatu eta
hiru tonu haratago, isiltasuna...
Gustukoa izaren usaina, zure
eta nire usainen melodia loturik izaretan.
Deitu dinat isiltasun, eta ez dun
sikiera deia hartu, izarei
idazten utzi naun hiru tonuren ondoren
bakardade kontsentitu honetan.

5.- Maitale begiz

Luze da esaten dena,
motz da amesten dena
eta maite dena... Azken finean dena da.

6.- Adarrik ere bada bihotzean

Adar bat jaio nahi dut zure bihotzean,
zure bizitzako itzal izateari utzi eta argia izan.
Izan nahi dut zure loraldi betierekoa,
eta arnastu izaren artean dagoen usaina.
Ez diot maitatzeari uko eginen, ez naizelako
Pasoliniren filmeko izaki hura, gorrotoan itoa.
Adar baten lorazain izan nahi dut zure bihotzeko belardian

7.- Hitzik ez nuen nahi zure ahotik

Eta txoriak joan egin ziren,
eta orduan belarriak hots batekin
zugana bultzatu ninduten,
atzean baitzinen eta itsasoari begira
jarraitu nuen,
zertarako?
orain arte kasurik egin ez badidazu?
eta txoriak jarraituz joan nintzen
paisaia hori atzean utziz.

8.- Nahikoa dut zurekin bada

Azkenean, lasaitasunez hitz egin
maitatzeko beldurrik gabe mintzatzen
igaro genituen ordu motzak zuk eta nik
biok elkarrekin.

Eguzkiak haize lotsatua bultzatzen zuen
gure lau masailen aurka, han bertan
finkatu genuen gaua, eskuak desagertu
zirenean, zetorren gaua.

Urduritasunak jan zigun ahoa, eta begiak
itxi genituen betiko, bankuak ez zuen deus
ere esan, bada ez bada...bada ez bada...

Unibertsoari atzetik eman zioten eta zu
nire jainkosa, bihurtu zinen nire lur eta eguzki,
nire haize eta ur eta su eta ni...

Amaiezin nahiko nuke izatea zure
bularretako errepidea, murrurik gabeko
autopista eguzkitan urtzeko ondoren...

9.- Maite zaitut

Negatibo batean ikusi zaitut ene,
gaztaroaren indarraz itsuturik,
duela zenbait urte, gaur, nola egonen
zinen pentsatu egin gabe ere.
Zuri beltzezko marrazkietan zu eta zure lagunak,
pozik eta etorkizunaz barrez, errespetu gabe,
gaur, nola egonen zinen pentsatu gabe ere.
Zenbat malko erori dira telefono kableetan zehar,
argazkilariak botoia sakatu zuenetik? Handik aurrera
momentu hura hasi zaizu barrez, gero eta gehiago,
bera ez baita inoiz zu zauden bezala egonen, inoiz ez.
Eta nik, faltan botako zaitut nire gorputz zati bat
kenduko balidakete bezala, edo nire bizitzan atzera
begiratuko banu bezalako zakarrontzi bat
sentituz nire sabelean ere kirats eta guzti.
Maite zaitut, argazki eta oroimena soilik ditut zugan, agur.

Iñigo Etxarri (Batx 2)

-“Gizarteari begira, kaleko banku batetik"-

/Nire begiez gizarteari begirada bat eman nion,...hau da ikusi nuena..../

I. ARGI BELTZA ZERU GORRIAN______________________________________

Kanpotik etorri
hau suntsitu eta
gainera agindu

Gure jabe zirela eta
gu agintzeko sortuak
bide zuzena zela haiena

Iluntzen, ezkutatzen eta suntsitzen zuen argia besterik ez ziren
Gorria zen zerua estali nahian
Argi beltza zeru gorrian

Beraien legeak egin,
inposatu eta zain,
zain geratu ziren

Estalitako herria berriz ere argitzera noiz ematen den ikusteko zain geratu ziren...
II. ETORKINAK__________________________________________________________

1000 istorio buruan
askotan kontatuak
Mohamed, Ala edo Islim
estuan itoak

Poseidonen atzaparretan
ONUren begirada
herrialde garatuetan
maskarada hasi da

Eta orduan bizitza bizitzarengatik saldu/
Eta orduan dena utzi eta dena galdu
Eta orduan berdez jantzitako iratxoak
bere herrira darama etorkina

miseriatik ihesi
mundu faltsu baterantz
kanpo zorrak dira nagusi
noiz dira abolituak?







III. ZERRAILA-OIHUA

Lau hormari begira, gora
Eta han baho estalia.
Boterea duenaren erakusgarri
Eta han zulo argiduna
Izkinan aurkitzen da zuloa
Atearen izkinan, erdialdean demagun
Zutik jarrita imajinatzen dut zuloaz harat dagoena
Hala ere lau hormen artean jarraitzen dut.
Belauniko jarrita zulotik begiratu dut,
kostata baina argitasunera ohitu naiz.
MENDIA ETA ITSASOA NAHIKOA DIRA
______________________________________________________________________
IV. KUTXA BELTZA____________________________________________________
Begiak ireki eta itxi.
ikusi telebista beltza,
hor,
zabala,
iluna,
Bertan ikusten zara, lehenengo aldiz
baina kuboa itzalia dago, ez du funtzionatzen.
Agian horregatik ikusi zara horrela lehen aldiz,
bestetan izan nahi zenuena soilik ikusten zenuelako,
zinenari muzin eginez.
Horregatik
dago zure isla
hor
kutxa beltzaren beirazko alde lauan
orain ireki begiak eta ez ahantzi
Star Academy botatzen dutela atzerriko katean
V. ZELDAN____________________________________________________________
Liberazioaren usainik ez
burdinazko zilindro latzen
odolez zikindutako eskuek
zeukaten uraz garbitu nuen
bihotzean neraman kartzela zatia.
VI.ODOLA BEGIETAN
Negarraren begiko odol tanta bi,
azal zurian lirain, baina geldo.
Begi beltzak, ilunak, dira sorgune
eta argi berde bat, borobil bat osatuz.
Zure begiek,
eta ametsek,
begiradaz, hitzen sobera adierazten didate.
Badakit pairamena, badakit tortura
badakit hotza,badakit negarra,
badakit hezea...
Ez galdu, arren, begietako argia
nahiz eta odolez busti.
________________________________________________________________________
VII. ULERTZEN EZ DITUDAN ZENBAIT GAUZA
> I. FALTSUKERIA
Ikasten da betiko joeraz
eta hitzez zikindu izana
minez zenbait lore erraustuz .
Bizitzan norbanakoaren
auto engainu bateko biktimak.
Zahar bikotea eta haur kabroia
guztiak berdin gara,
sustraiekin ala gabe,
faltsukeria gizartean
landatua dago
eta berdin zaigu
ez dut ulertzen...
>II. IGNORANTZIA
Jakingo balute belarriek bihotza aditzen,
jakingo balute tripek hitz egiten...
jakintzaren utopiaren ateetan geratu dira
elementu hauek, eta mespretxuz
tratatzen ditugu. However, beharrezkoa denean
hauen erabilera, beti prest daude gure esanetara
ateetatik zain, guri,zuri,niri...
ez dut ulertzen...
>III. EZINTASUNA
Hormak hautsi eta haizea
sentitu aurpegian, zioen...
hori zen bere nahi bakarra
hala ere bere hartan amaitu
zituen azken egunak
hormak hautsi gabe
eta haizea aurpegian sentitu gabe...eta...
ez dut ulertzen...
>IV. MESPRETXATUTAKO AUKERAK
Nahiz eta isilik egon
ez nuen hitzik behar
begirada hura ulertzeko.
Gelaren beste aldetik,
begirada apalek sortutako
galderek ez zidaten
bakean uzten.
Izan genuen gure aukera,
baina ez zen amestutakoa
bezalakoa izan...
ez dut ulertzen...
VIII. BAKARDADEAN HAUSNARKETA BI
Nork lagunduko zeldan,
jotzen nauten bitartean,
nire oihuak gorrak direnean,
eta lau hormak igarotzen
ez dituzten bitartean.
Nork lagunduko dit
zintzilikatzeko soka batek ez bada?
IX. ILUNETIK ARGIRAT
Urruneko ipuinen
alarma hotsak, izuak,
kea eta zarata paraje
gris
batean,
ondoratzen

ari


ziren



bitartean




ikusi nuen musika isil eta eder hura
nire belarriak laztantzen,
presarik gabe,
emeki eta goxo.
Pertsona sentitu nintzen
nire bizitzan lehen aldiz.
X. ASKATASUN HESITUA________________________________________________

Ahoz gora zapaiari
begira.
Ez dakit, nik
nola,
heldu naizen hona.
Zulo hau hotza da
ez dut atsegin
behinola
amestu nuen askea zen herria hori...

Argi izpiak,
ahulak bai,
sartzen dira hor goitik.
Barroteak oztopatzen die
sarrera guzti hauei,
hemen barrutik
zein zaila den
zugana iristea.
Ikusten zaitut
bertan nahi zaitut
baina ezin dut.

Eskuak lotu zizkidaten
Begiak itxi zizkidaten eta bitartean
zu
urruntzen joan zinen zu
txoria bezala, kaiolan preso
naukate kateek, pareta erraldoiek
________________________________________________________________________
XI. ZAURIAK AURPEGIAN
Zauritua zegoen paisaia,
negarrez eta malko bakoitzak
beti oker berean erortzen den
gizarte tonto bati egiten zion
erreferentzia.
Labainak ziren goitik erorita
bizi bakoitza poliki hiltzen zutenak,
kolpeka, malkoak bezala aurpegian.
Malko bakoitzak, aurpegia hil zuen.
Triste paisaia eta triste gu,
triste maskara batek aurpegia
irribarre batekin estaliz.
Baina zauriak ez ziren
maskara batekin estaliko,
ez ziren horren errez errendituko.
XII. IZARRAREN IPUINA, IZARRAREN EGIA

Gaueko izar batek kontatu zidan
duela urte asko, lur gainean ez zegoela
zuhaitza ez zen beste ezer.
Den dena berdeak uholde batez
irentsi zuela, tintak ura bezala.
Zabal zabal lur gainean, zabal inguruan.
Dena berdez jantzita apain apain.
Baina, jarraitu zuen, etorri zen
desgrazia, etorri zen gizakia, etorri zen
hondamendia.
Lainotu zuen zerua, estali eguzkia
eta berotu lurra... Geroztik izarra
triste dago, ez du lurraren berririk
eta beldur da inoiz gehiago edukiko duen ere...
ez baitaki, eta negar egiten duela kontatzen dit,
tabernetako komunetan, ezkutuan,
etxeko teilatuan esertzen naizenean
berarekin hitz egitera.


/...iritsi baino lehen, aitortu nahi nuena zen.../

Iñigo Etxarri
Batx 2

2007/03/07

bideoa

Elemento multimedia